Errutinara nola bueltatu
Oporrak ez dira betiko eta beharrezkoa da berriro martxa hartzea. Hori dela eta, errutinara modu osasuntsuan itzultzeko 5 trukotxo dauzkazu hemen.
Zein ondo egoten garen oporretan! Etengabeko flow sentsazio hori, ordutegirik ez edukitzea, ardura gutxiago izatea, presaka ez ibiltzea, aisialdiaz gozatzea, bizitzako unerik zoragarrienak bizi ditugula sentitzea eta inoiz ahaztuko ez ditugula pentsatzea, …
Zoritxarrez guztiak dauka hasiera eta bukaera, eta lege honetan oporraldiak ez dira salbuespena.
Honezkero, behin baino gehiagotan etzungo genuen oporren osteko sindromea delako horretaz hizketan, duela urte batzuk modan jarri zen eta pertsona askok izaten omen zuten. Bada, batzuei oporren ostean berriro martxa hartzea erreza egiten bazaie ere, egia da beste pertsona batzuei errutinetara bueltatzea gehiago kostatzen zaiela eta aldaketa horrek esfortzu handia suposatzen diela. Hala ere, horrelako trantsizio naturalak ez dira patologizatu behar sakeletik ateratako sindrome eta nahasmenduekin.
Psikologook badakigu gure burua laneko kontuetaz zeharo deskonektatuta izan dugunean kosta egiten dela berriz ere ohiko errutinetara bueltatzea, prozesu horrek eskatzen duen lan eta egokitzapen kognitiboagatik eta baita, inplikatu dezakeen ezinegon emozionalagatik ere. Hala ere, badira egin ditzakegun trukotxo batzuk trantsizio horrek sortu dezakeen estres egoera gutxitzeko, hala nola:
1. Lo ohiturak erregulatu
Oporren bukaera aldera, gure egunerokotasunera bueltatu baino egun batzuk lehenago, lotara joteko ordua zein lotan ematen ditugun ordu kopurua doitzea gomendagarria da. Hau da, gutxinaka gure ohiko lo ohiturak berreskuratzen joatea ziklo zirkadianoak apurka apurka leheneratzeko.
2. Ohiko otorduak berreskuratu
Sarritan opor sasoian izaten ditugun ordutegi kaotikoek otorduetan desorekak dakartzate, beraz, aspektu hau erregulatzea ere komeni da; gure metabolismoa errutinak ezartzen digun ordutegira eta eskaeretara egokitzen joateko hain zuzen ere.
3. Denbora estrukturatu
Gorputza behar fisiologikoetara ohitzeaz gain, burua ere ohitzea komeni da. Beraz, gutxinaka gure ohiko aktibitate kognitiboa berreskuratze aldera, denbora estrukturatzen hasi gaitezke eginbeharrak programatuz; eta, beharrezkoa izanez gero, agendak, jakinarazpenak edo alarmak erabili ditzakegu.
4. Autozaintzarako uneak mantendu
Norbere burua zaintzea osasun psikologikoa mantentzeko klabeetako bat da. Zenbaitetan errutinako zurrunbiloan hainbeste sartzen gara gure buruaz ahaztu egiten garela. Ondo sentiarazten gaituzten gauza txikitxoei tarte bat eskaintzea gure osasun mentalerako funtsezko kontua da, hala nola, bainu lasaigarri bat hartzea, irakurgai on batetaz gozatzea, gustukoa duzun musika entzutea, … azken finean zure momentu kuttun horretaz disfrutatzea.
5. Emozioen kudeaketa osasuntsua egin
Trantsizio honetan norbaitek edo zerbaitek emozionalki desorekatzen bazaitu, emozio horiek modu adaptatiboan kudeatzea garrantzitsua da. Horretarako, lehenbizi, gure buruari sentitzen ari garen hori sentitzeko baimena eman behar diogu; ostean, emozio horiek identifikatu; azkenik, emozio horiek sortzen dituzten sentsazio fisiologikoak, pentsamenduak eta jokamoldeak tekniken bidez erregulatu.
Noiz joan terapiara
Nola jakin psikologo baten beharra dudan, psikologo batek ondo hartuko ote nauen, joanez gero denbora galtzen ibiliko ote naizen, …Antsietatea, Adikzioa, Fobia, Depresioa, Nahasmendu Bipolarra, Distimia, Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa, … dozenaka daude! Etiketa...
5 consejos para dormir bien
La importancia de tener un sueño de calidad y cuestiones a tener en cuenta para conseguirlo.Después de pasar toda la semana levantándome a la misma hora para ocuparme de mis responsabilidades cotidianas, llego al viernes con la batería en rojo. De la misma forma que...
Algunas claves de la felicidad
¿Por qué no soy felíz? ¿Qué hacen las personas que se consideran felices? ¿Cuál es su secreto?A día de hoy tengo todo lo que quiero, esa camiseta que tanto me gustaba, ese teléfono móvil con 5G y pantalla de 6,7 pulgadas que tanto ansiaba, la bicicleta roja que tanto...